Perpetua Saragueta Saragueta
(1905-1986)
Mezkiritzen sortu zen (Erroibar-Nafarroa), 1905ean. 13 senideetan zaharrena. Aitak istripua izan ondoren, lanean hasi behar izan zuen familia aitzina ateratzeko, azienda gobernatzen eta egur-ikatza egiten. Manuel Lusarreta eskolako apezaren jarrera euskaltzalea funtsezkoa izan zen Perpetuaren bizitzan euskaraz idazteko. Gerra baino lehen hasi zen euskaraz idazten, emakume gutxik idazten zuen garaian. Lehenik, Iruñeko “El Pensamiento Navarro” egunkarian eta, gero, hiriburuko “La Voz de Navarra” egunkarian, Donostiako “Argia” aldizkarian eta Baionako “Eskualduna” astekarian. Trinidad Urtasun bertsolari baztandarrarekin ezkondu zen. Nafarroako bigarren emakumea izan zen gidabaimena ateratzen. Gerra piztearekin batera, dena aldatu zen. Hura garai latza izan zen senar-emazteentzat. Gerraondoan, Iruñera joan ziren bizitzera. Berriz ere hasi zen idazten, adinez aitzina zihoanean. Herri euskara zerabilen. Bere bizitza kontatu nahi zuen, bere oroimenak. 1986ko martxoaren 26an hil zen. Haren lanak Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu dituzte.