MARIANO IZETA ELIZALDE
(1915 – 2001)
XX. mendeak euskal kulturari emaniko izenik aipagarrienetako bat. Elizondon sortua, aitaren lanbidea ikasi eta hartan aritu zen betirako. Laguntzaile aritu zen gerra aitzineko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Gerra piztean, ikusi zuen nola erre zituzten erreketeek Elizondoko ikastolako ikasliburuak. Irudi mingarri hark betirako iraun zuen haren oroimenean. Gerra ondoren hasi zen euskaraz idazten eta kronikagile emankorra izan zen. Bi eleberri ere ondu zituen: “Dirua galgarri”, euskal liburu aitzindarietako bat genero beltzean, eta “Nigarrez sortu nintzan”. Bertsolaritza sustatzaile aparta. 30 urtean, saioak antolatu zituen Elizondon, eta antolaketan ere aritu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketetan, 60 hamarkadaren hasieran. “Baztango Hiztegia” ondu zuen, hau da, lexikografian eginiko ikerlan izugarriaren emaitza. Hainbat liburutan bildu zituen Baztango usadioak, ohiturak, erranairuak, bizimoldeak eta ofizioak. Euskara irakatsi zien haurrei eta helduei, eta Baztango Ikastola sortzen lagundu zuen. Elizondoko Abesbatzako kide, txirrindularitza proben eta pilota partiden antolatzailea. Euskaltzaindiko urgazlea zen eta ohorezko kide ere bai. 2001ean zendu zen.